2015/06/06

Ekintza sindikala indartzeko dinamika martxan da


Lantokietako ekintza sindikala berritu eta indartzera goaz LABetik. Egoera aldatu egin da, langileontzat okerrera aldatu ere, eta horren aurrean, ekintza sindikala urrats berriak eman behar ditugu. Nola? Gure eskaintza eta praktika sindikala berrituz. Sindikatuon erronka ez da dagoenaren gainean langile batzuren egoera hobetzea, egoera bere osotasunean aldatzea baizik, langile guztien egoera hobetu ahal izateko. Horretara goaz.




Patronalaren ahalmena eta pribilegioak ziurtatzen dituzten arauak gailendu dira. Lehen akordioa behar zen lan baldintzak aldatzeko, orain enpresariek beren kasa aldatu ditzakete, ez dute akordiorik behar euren asmoak aurrera ateratzeko. 

Langileoi negoziazio kolektiborako eskubidea lapurtu digute. Lehenagotik zetorren desarauketari, orain, enpresarien aldebakartasuna gehitzen zaio. Negoziazio kolektiboa ezinbestekoa da, bai, eta negoziazio kolektiboan eta hitzarmenak defendatzen jarraituko dugu aurrerantzean ere, baina ezin dugu gaurko joko arauetara mugatu. 

Langileok bizi dugun prekarizazio prozesuaren aurrean erabaki berriak hartu behar ditugu. Inor ez dago salbu. Langile guztiok gaude modu batean edo bestean prekarietatearen jopuntuan. Gauzak aldatzeko giltza non dago? Ekintza sindikala, lantokietako borroka indartzea, helburu berriak jarriz eta bide berriak irekiz. 

Egoera berriak erantzun berriak eskatzen ditu, eta LABen erabaki dugu momentua dela sindikalgintzaren inguruko gogoeta sakon bat egiteko. Gure sindikatua etorkizunean nolakoa izango den erabakitzeko eztabaida ireki dugu. Eta bien bitartean, iparrorratz berarekin, luzera begirako gogoetak motzera begirako erabakiekin elkarlotu ditugu: prekarietatearen kontra borrokatzeko gaitasunak markatuko du sindikalgintzaren oraina eta etorkizuna. 

Lantokietan abiatzera goazen dinamika iraunkor honekin prekarietatearen kontrako borrokari zentralitate osoa emango diogu. Langile kolektibo guztion erreferentzia bihurtu behar dugu, eta gure eguneroko arazoei erantzunak eta alternatibak eskaini. 

LABen eskaintza sindikala lantoki guztietara eramango dugu, gure delegatuen eskutik. Bost zutabe nagusi ditugu: kalitateko enplegua, soldatak, lan osasuna, aukera berdintasuna eta euskara. Eremu horietan benetako neurriak hartuz errealitatea aldatu daiteke. Hor dugu erronka. Enpresaz enpresa, eremuz eremu, beharren araberako ekimen desberdinekin osatzen joango gara bidea. 

2015/06/03

Telefonica eta Movistarreko autonomoen borrokak LABen babes eta elkartasun guztia du



Bi hilabete daramate Telefónicak eta Movistarrek azpikontratatutako autonomoek borrokan. Bi hilabete, duintasun eta zilegitasun guztia duen borroka eredugarri horretan, multinazional prekarizatzaile horri aurre egiten.

Telefónicak urteak daramatza langile eredua aldatzen. Lehen langile propioen bidez egiten ziren funtzioak orain azpikontratatzen dituzte, egoera prekarioan dauden azpikontratetako langile eta automoak estutuz. Eredu aldaketa horrek ez du mugarik, prekarizazio prozesu hori ez dute geldituko. Guk geuk, langileok, gelditu behar dugu.

Telefónica eta Movistarrek langileen kontrako prekarizazio prozesuarekin aurrera egiten dute. Azken bi urteetan multinazionalak 7,594 miloi euro irabazi arren langileen kontrako lapurreta aurrera doa. Asezinak dira. Guztia kendu nahi digute.

Langileok behar dugun konponbidea Telefónicako eta Movistarreko eredua gelditzea da. Azpikontratazio eta prekarizazio prozesua geldituz lortuko da garaipena. Horretarako prekario dauden langileen aktibazioa da gakoa, eremuz eremu, Telefónicako langileetatik hasi eta azken autonomoraino, denak elkarrekin, denon prekarizatzailea denaren kontra. 

Honengatik guztiagatik LABek babestu egiten ditu datorren astean eta hurrengoan Telefónicako langileek egingo dituzten elkartasun-lanuzteak. Aurrera begira saiatuko gara erantzun zabalago bat antolatzen
.